Historia

Angel Ganivet-Santa Luzia ikastetxea Gasteizko Santa Luzia auzoaren sorrerarekin eta hazkuntzarekin bat eginik dago hasieratik.

1979 urtean hasi zuen ibilbidea Gasteizko ekialdean eraikitzen ari zen Santa Luzia auzo berriaren zerbitzurako, Judimendi eta Astronomoen tontorren tarteko Errekatxiki errekastoaren alboan (gaur egun Jacinto Benavente ibilbidea dena).

40 urte baino gehiagoko esperientzia duen eskola gara eta, urte horietan guztietan, auzoko erreferentziazko eskola izan gara.

Egungo Angel Ganivet-Santa Luzia Herri Ikastetxea hiru ikastetxe publiko elkartzean sortu zen: Angel Ganivet, Izarra eta Santa Luzia ikastetxeak, bakoitzak hezkuntza maila desberdinak zituelarik bere ardurapean.

 

1996an Angel Ganivet eta Santa Luzia batu egin ziren eta Izarra haurtzaindegi izaerarekin geratu zen, 0-2 urteko haurtxoez arduratuz.

Garai berean, Hezkuntza erreforma indarrean jartzean, 13-14 urteko ikasleak (orduko OHO-EGBko 7. eta 8. mailak) Ekialde Institutura bideratu ziren, maila horiek DBHko 1. eta 2. maila bilakatu baitziren. Gauza bera gertatu zen hainbat irakaslerekin, batzuk Ekialdeko irakasle bihurtu baitziren eta beste batzuk Ganiveten geratu. 

Gaur egun, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza eskaintzen duen ikastetxe publikoa gara, maila bakoitzean hiru lerro ditugularik.